XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ospitalea, sei pertsonaz osaturiko Batzarre batek zuzentzen du, Ospitaleko Administrariak bezala ezagutuak.

Batzarrea, urtean behin, hiriko Udaletxeko Kongresu orokor batean izendatzen zen, Alkatea buru zela, eta hiritar guztiek parte hartzen zutelarik.

Ospitalean lan egiten zuten sendagile eta kirurgilariak eta Udaletxearen kontratuz hiriaren zerbitzurako zeudenak, berdinak ziren.

Seuraski kontratu horretan zegoen klausula baten bidez behartzen zituzten ospitaleko lana egitera; txandaka egiten zuten hilean behin.

Ospitaleko barne funtzionamenduan pertsonai garrantzitsua ama económica deritzana zen.

Berak, zenbait erizain eta zerbitzarien laguntzaz, gaixoak zaintzen zituen.

Ospitalean sartzeko, gaixoari sendagilearen partea eskatzen zitzaion, bertan azaldu behar zutelarik sintomak e. a..

Administrariak zeraman erregistro liburu batean idazten ziren gaixoen sarrera datak, altak, eta heriotze kasutan, hildakoa lurperatua non izan zen ere.

Arautegiko erregelak oso xeheak dira, gaixoen herri lekualdatzeak egiteko modua, gaixo bakoitzak zeuzkan tresna zenbakidunak, e. a. zehazten ziren; logelen ordez, ikuluz mintzatzen da.

Ama económica-k sendagilearekin egiten zituen ikustaldiak eta gaixo bakoitzaren berri ematen zion, eta norbaitek gaixotasun likatsua balu, alda zezan beste ikulu batetara.

Amak kurioski zaintzen zituen bere ardurapean zeuden zerbitzariak, beraiekin birpasatzen zuen kristau dotrina, arretaz zaintzen zuen hilabetean behin aitor zitezen txandaka bidaltzen zituelarik inguruko elizetara, beti gaixoen zaintzetarako kalterik gabe.

Hau, 1787.eko azaroako Kongresu Orokorrean onartu ziren arautegien laburpen bat litzateke.

Onarpen bilera horretara joan zirenen artean, aipa daiteke Lardizabaleko Vicente Jaunaren izena, Donostiako mediku ospetsua halaber Karakaseko Kompainiaren zerbitzuan.

Erantsi behar dut Ospitalean onartzen zirela hiriko eta bere inguruko gaixo noharroi guztiak eta baita beste hiri edo herri batekoa izan arren, hiri horretan zegoela gaixorik edo ondoezik jartzen zen guztiari ere.

Ezinbestekoa zenean, gaixoari etxean begiratzen zitzaion.

Ekonomikoki, ongileek egiten zituzten eskesariei esker jarraitzen zuen.

Utzi dugu Ospitalea 1719.ean suntsitua, Dona Katalina Parrokia alderditik, eta gero, non lekutu zen? 1802.eko Hiztegiak dioenea ondorengoa dakigu: Done Antonio Abade ospitalea, desagertutako konpainiarena izan zen Ikastetxean kokatua, Antonio Okendo Jaunak eta Lazkaoko Maria Andereak fundatua.

Ospitale hau, 1769.eko Probizio Errealez sasikumeen etxe izateko asmokoa, hauzotar noble batzuren batzarrak zuzendua, ondasun gutxikoa izan arren, itxura onean mantentzen da herriaren limosna anitzi esker.

Beraz, Jesusen Konpainia kanporatua izan zenean, Karlos III.en agintapean, Ospitaleak eraikuntza hori hartuko du.

Gaztelu mendipean zegoen, eta bertara irits zitekeen abuztuaren 31. kaleko, lehen Trinidad, 40. eta 42. zenbakiko etxeen artean dagoen kaletartea igoz.

Geroago beste eraikuntza batetara aldatu zuten: Juan de Bilbao kaleko 12. zenbakira, 1813.eko sutean suntsitua gertatu zelarik.

Baina, utz dezagun orain Ospitale hau une batez leku horretan, 1813.a baino lehen, geroago itzuliko bait gara zoritxarreko data honetara, eta orain iker ditzagun garai hartan, honetaz kanpo zeuden beste ospitale batzu.

Horregatik joango gara Done Martin auzoaz hitz egitera, non aurkitzen bait dira zenbait ongintzetxe.